Atal honetan ardoarekin zerikusia duten hainbat gomendio eskainiko ditugu oso era didaktikoan. Hilabete hasieran hainbat aholku emango dizkizuegu:
.
IRAILA-URRIA: ARDO-BOTILA ESTALTZEKO MATERIALAK

 

Ardo-botila ixteko kortxo egokia hautatzea oso erabaki garrantzitsua da ardoa kontserbatzeari dagokionez. Hautaketa okerra eginez gero ahalegin asko pikutara joan daitezke, eta are gehiago, ardoa ontzeko asmoa badago.
Zeregin nagusia kanpoko edozein eragileri sarrera eragoztea da: mikroorganismoak, usainak eta, batez ere, oxigenoa.
Orain dela gutxira arte, ardo-botila ixteko material bakarra kortxoa izan da. Azken urteotan, ordea, gero eta ohikoagoa da hainbat materialetako tapoiak aurkitzea. Hori dela eta, hiru erabilienak azalduko ditugu gaur.

     
 

Kortxo naturala:
Arrazoiren batengatik esango diote batzuk tapoi sakratua. Betiko tapoia da, jatorri naturalekoa gainera, Quercus suber espezieko artelatzetik ateratzen baita. Kalitate, mota eta prezio askotako kortxoa aurki daiteke merkatuan. Kalitate handieneko kortxoek 15 urte inguru iraun dezakete botilan, beti ere, botila ondo zainduz gero. Naturala denez, gaixo daiteke, horixe du eragozpen handiena. Gaixotasun horri oro har “kortxo usaina” esaten diogu, eta tricloroanisol (TCA) deiturikoak eragiten du. Kalitate handienekoen ahalik eta poro gutxien eduki eta tinkoak izan behar dute. Gaur egun, kortxoa erabiltzea kalitateko ardoaren pareko dela esan daiteke.

     
 

Sintetikoak:
Hainbat material aurki daitezke, oro har, material plastikoko polimeroak. Koloreak ere hainbat, ardogilearen arabera. Abantaila du ez duela aroma eta zaporerik ematen, eta azkar kontsumitzeko ardoetan (ardo gazteetan) erabiltzen da. Eragozpenak: ez da kortxoa bezain malgua eta, batzuetan, ateratzeko arazoak izan ditzakegu, oso zurrunak direlako. Europan, ardogintzaren munduan, ez du oso ospe ona. Azkenik, azterketa batzuen arabera, botilan 12 hilabete emandakoan, botilaratutako ardoaren etsairik handienaren, oxigenoaren sarrera asko areagotzen da.

     
 
Erroskazkoak:
Batzuk harrituko zareten arren, esan daiteke horiexek direla botila ixteko egokienak. Ez dute oxidazio arazorik sortzen, ez dute aromarik ez zaporerik ematen, eta, gainera, merkeenak dira. Azken bost urteetan erabilera nabarmen areagotu da, Zeelanda Berriko ardo zuriei erreparatzea baino ez dugu. Zein eragozpen dute? Ardo-botila zabaltzeko protokoloa galtzea.