Orrialde nagusian agertzen den dastatzeko teknika ikasitakoan, “saia zaitez” atal honetan ardo-mota desberdinen ezaugarriak bereizten ikasiko duzue. Aipatzen ditugun botila ardoak lortu besterik ez duzue (ardo eskuragarria gomendatzen ahaleginduko naiz), eta ondoren, ardoa eskuetan duzuela, ordenagailuaren aurrean jarri.
EKAINA: Sasoi honetarako oso ardo egokia.
Hile honetan, bero handia hasi denez, sasoi honetarako oso ardo egokia aurkeztuko dizuet:

Fino ALVEAR C.B
ALVEAR S.A. upeltegiek egina (Montilla Moriles jatorrizko deitura)
Barietatea: % 100 Pedro Ximénez
Gutxi gorabeherako prezioa: 3,55 euro

 

 

 

  Munduan bakarrak diren ardo hauek egiteko, oinarri gisa ardo zuria hartzen da, gehienetan Palomino edo Pedro Ximénez barietatekoa, eta alkoholeztatu egiten da (alkohola gehitzen zaio graduak igotzeko), % 15eko alkohola lortu arte. ALVEAR C.B ardoak duen berezitasuna alkoholeztatu gabea izatea da, hau da, ardoak duen alkohola hartzidura alkoholikoz lortua da.
Jerezko botetan sartzen da (gutxi gorabehera 550 litroko edukierakoak), eta % 10 edo % 15 bete gabe utzi behar da beti. Giro-baldintzak, alkohol graduazioa eta upeltegiko legamiak edo gehitutako legamiak direla eta, ardoaren gainean “velo en flor” edo “lore-errezela” deituriko geruza sortzen da, eta horrek oxidaziotik babesten du ardoa, eta aroma eta zapore bereziak emango dizkio.
Amaitzeko, ardo horiekin sistema bereziak erabiltzen dira: kriadera- eta solera-sistema. Jerezko botak elkarren gainean ipintzen dira, eta botilaratzeko, “ateratzea” (saca) egiten da, hau da, soleratik (lurrean dagoen upeletik) ateratzen da botilaratu behar den ardoa. Solera betetzeko, gainean duen fino-bota erabiliko da, eta horrela berriro ere denak bete arte. Goian dagoen botan ardo berria sartuko da. Sistema horri esker urtabeak bateratzea lortzen da, horregatik ez duzue inoiz ikusiko urtearen aipamenik ardo-mota honetako botiletan.

IKUSMENA Bi kopak alboan ipini eta, hondo zuri baten gainean 45º makurtzean kolore-xehetasun desberdinak antzemango ditugu.

 
Kopa 45º makurtzean, oso ardo garbia ikusten da, distiratsua eta lasto hits kolorekoa.

USAIMENA

 
Ardoa sudurrera hurbiltzean, lehenengo inpresioa oso nabarmena izango da: zorrotza, oso indartsua eta lehorra, baina ez zaitezte izutu, ardo-mota hori horrelakoxea da, hori du ezaugarri. Ardo honek % 15 alkohol badu ere, konturatuko zarete alkohola ez dela nabarmentzen. Sudurrean, lore-usaina ekarriko digu, lore zurien usaina, hain zuzen.
AHOA
 

Aho-sarrera lehorra, arina eta zaporetsua da, ez dugu sentsazio azidorik antzemango, baina bai ordea, mihiaren goiko aldean ukitu garratz batzuk (oso ohikoak dira ardo hauetan). Fruitu lehorrak ekarriko dizkigu gogora, almendrak, hain zuzen. Aho-amaieran freskotasun ukitua izango du, agian lore-ñabardurak itzultzen direlako, eta iraunkor samarra izango da, garraztasun-sentsazioagatik.

LABURBILDUZ
Ardo hau, eta inguru horretako beste asko ere bai, ardo “magikoak” dira. Kontsumitzaileentzat benetako pagotxa, kalitatea eta prezioa oso orekatuta dituelako. Ardo hauek oso egokiak dira urte-sasoi honetarako: terraza batean aperitiboan hartzeko, esaterako. Baina ez ahaztu izotz-ontzia, ardo hau 6-8 gradutan edan behar baita.
Ardoa gomendatu dizuet dagoeneko, elikagaiak eta solaskide egokiak zuek aukeratu.
Datorren hilera arte.