Orrialde nagusian agertzen den dastatzeko teknika ikasitakoan, “saia zaitez” atal honetan ardo-mota desberdinen ezaugarriak bereizten ikasiko duzue. Aipatzen ditugun botila ardoak lortu besterik ez duzue (ardo eskuragarria gomendatzen ahaleginduko naiz), eta ondoren, ardoa eskuetan duzuela, ordenagailuaren aurrean jarri.
Urtarrila-Otsaila: Solaguen ondua 2002

 

 

 

Solaguen ondua 2002
Barietatea: Tempranillo % 100
Gutxi gorabeherako prezioa: 6,10 euro.

 

 

 

  Urteari ekiteko, oso prezio egokiko ardoa gomendatuko dizuet, hau da, kalitatearen eta prezioaren arteko orekari eusten dion ardoa. Nire iritziz, Solaguen ardoak, eta zehatzago, hura ekoizten duen upategiak, mugarria finkatu zuen 90.eko hamarkadan, ardo-kooperatiben munduan. Sasoi hartan, kooperatiba horiek ontziratu gabeko ardoekin erlazionatzen ziren, kantitatearekin eta ez kalitatearekin. Oso ideia argiak dituen jendearekin sakon eztabaidatu ondoren, upategiko ekoizpen-filosofia aldatu zuten: kalitateari eman behar zitzaion lehentasuna. Emaitza berehala iritsi zen, Solaguen ondua 95 ardoak garai hartako irizpide guztiak bertan behera utzi zituen.

Ikusmena: kopa ondo zuri baten gainean 45º makurtzean kolore-xehetasun desberdinak antzemango ditugu.

 
Kolore-intentsitate handia du, gerezi kolorekoa, ertz granateduna.

USAIMENA

 

Lehenengo inpresioan (sudurrera eraman eta apur bat biratu ostean) aroma-intentsitatea antzematen da. Intentsitate altua. Ondoren, aroma-konplexutasuna antzematen da (hainbat aroma-mota). Lehenik eta behin fruta identifikatzen da, basoko fruta beltzak hain zuzen, eta jarraian, barrikan eta ondoren botilan ondu izanak eta emandako aromak antzemango ditugu: lehenengo ketuak, eta jarraian, kakaoa eta banilla.

ZAPOREA
 

Sarrera lehorra, lehenengo inpresioan azidotasuna antzematen da (mihiaren alboetan, mihian txistua eragingo diguna). Azidotasun hori oso ohikoa da Araba Errioxako ardoetan. Horren ostean mingostasuna dator. Ukipen-sentsazioak oso antzemangarriak dira. Alde batetik ahoaren aurreko aldeko tanizitatea, zapore-sentsazioekin oso bateratua; eta beste alde batetik, ahoan bete-sentsazioa utziko digu, gorputza duelako. Aho amaiera freskoa da (azidotasunagatik), atsegina eta iraunkorra.

LABURPENA
Kalitateko ardoa, oso bizia arlo guztietan: kolorea, usaimena eta zaporea. Egia da jende askok ez zuela itxaropen handiegirik 2002ko uztarekin, baina kasu honetan oso bestela gertatu da.