Orrialde nagusian agertzen den dastaketa teknika ikasi ondoren, “Saia zaitez” atal honetan ardo-mota desberdinen ezaugarriak bereizten ikasiko duzue. Aipatzen ditugun ardoak lortu behar dituzue (saiatuko gara erosteko moduko ardoak gomendatzen), eta dagokion ardoa eskuetan duzuela, ordenagailuaren aurrean jarri.
NOLA BEREIZTU ARDO GAZTEA ETA LEHENENGO BARRIKAN ETA GERO BOTILAN ZAHARTU DEN ARDOA. Proba hau egiteko bi ardo erabiliko ditugu:
Gaztea: Luberri 2004 beratze karbonikoa
Dendako prezioa ggb.: 5,40 €
.  
 

Zahartua: Luis Cañas 2002 ondua. Dendako prezioa ggb.: 6,80€

   

IKUSMENA Bi kopak alboan ipini eta, hondo zuri baten gainean 45º makurtzean kolore-xehetasun desberdinak antzemango ditugu.

 

Luberri 2004 dugun kopan kolore-intentsitate handiagoa antzemango dugu, ardo gazteagoa delako. Pikota-gereziaren kolorea du, eta ertzak moreak. Luis Cañas 2002 ondua dugun kopan, aldiz, intentsitate txikiagoko ñabardurak izango ditu, gerezi kolorea eta ertzak granateak.

USAIMENA

 
Usaimenaren fasean, ardoa sudurrera hurbiltzean, bi ardoak garbiak direla antzemango dugu, hau da, usain berezirik gabekoak direla, elkarren desberdinak izan arren.
Luberri ardoa dugun kopa mugitzean aroma-intentsitate handiagoa nabaritzen da (usain handiagoa du); Luis Cañas-en ordea, aroma-potentziala txikiagoa da, baina aroma-konplexutasuna handiagoa (aroma-multzo gehiago).
Luberriren kasuan lehenengo mailako aroma asko antzematen dira, mahatsak emandakoak, alegia. Kopa sudurrera hurbildu, begiak itxi eta kontzentratzen bagara, basoko fruta gorriak (mugurdia, andere-mahatsa...), freskotasun handia eta laktiko ukitu bat antzemango ditugu, horrexegatik basoko frutazko jogurta ekarriko dio inori gogora. Amaieran, belar-kutsua ere antzeman daiteke.
Luis Cañas ardoan aroma-motak oso desberdinak dira. Lehenengo inpresioan barrikak emandako aromak nabaritzen dira. Fruta ere badago, baina aurrekoan ez bezala, hemen fruta gorri helduagoak nabaritzen dira, erakargarriagoak edo, bestela esanda, andere-mahatsaz egindako konfitura gogoraraziko digu. Zura banillak, xigortuek, zedroak (puru-kaxa) eta torrefaktuek gogorazten digute (gogoratu kafe-txigortegi batetik igarotzean antzematen den usaina).
AHOA
 


Luberri ahora eramatean sarrera lehorra da (ez du azukrerik) eta mihi-puntan kilima txiki batzuk nabaritzen dira, karbonikoak ematen duen eferbeszentziaren eraginez. Hartzidurak eragindako karbonikoa ohikoa izaten da botilaratu berri diren ardo gazteetan. Oxigenatu eta ahoan mugitu dugunean, ardoak ez digu zapore-sentsazio handirik utziko (mihia atera eta begiak itxi, mihian apenas igarriko duzue sentsaziorik), baina bai astringentzia arina mihiaren erdian eta hortzoietan. Ardo honek ahoan duen ezaugarririk nabarmenena sudur-atzeko luzea da, hau da, ahoan uzten duen aroma-piloa. Aho amaiera ez da oso luzea, behin edanez gero, ez du luzaroan irauten.

Luis Cañas, ordea, edatean eta eragitean dentsoagoa dela antzemango dugu, aurrekoa baino astunagoa (gorputz gehiago duelako). Sarrera lehorra du; mihia atera eta begiak ixten badituzue, mihi alboetan azidotasun arina eta mihiak txistua sorrarazten duela antzemango duzue, hori azidotasun-ukituagatik da. Ondoren, mihiaren hondoan, mingostasuna nabarituko dugu. Goiko hortzoietan lehortasuna (zerbait lakarra izango bagenu bezala), baina ardo gaztearena ez bezalakoa. Ardo gazteak belar-kutsuko astringentzia ematen du, eta honek, aldiz, barrikak emandako tanizitatea, ez da hain belar-kutsukoa baina batzuei atseginagoa egiten zaie. Nire ustez, biak sentsazio atseginak dira desberdinak izan arren. Luis Cañasen aho amaiera luzea eta atsegina da, ahoa betetzen duelako (gorputza) eta hortzoietan tanizitate leuna uzten duelako.

LABURBILDUZ
Kalitatearen eta prezioaren aldetik, oso ardo onargarriak dira biak. Gaztea sudurrean ona da mahatsak emandako aromen eraginez. Ahoan ordea, zahartuaren aldean, leuna da, baina beste ardo gazte batzuen aldean ez litzateke horrela izango. Luis Cañas indartsuagoa da ahoan eta luzeagoa, aroma-konplexutasun handiagoa eta gorputz gehiago duelako.
Datorren hilera arte!!